Orriak

Otsagi


Zaraitzu haranaren iparraldean, 764 metroko garaieran da Otsagabia, Zatoia eta Anduña ibaiek bat egiten duten lekuan, Iratiko basoaren ondoan. Nafar Pirinioetako herririk ederrenetakoa da. Erdi Aroko zubi bat, harrizko kaleak eta Anduña ibaiaren bi aldeetara antolaturiko etxe zainduak ditu ezaugarri nagusi. Milaka urte dituzten basoez, ur gardeneko ibaiez eta mendi garaiez inguraturik, Otsagabia leku pribilegiatua da Naturaren edertasunaz gozatzeko...

Gure herria, gure lurrak eta gure jendea hobeto ezagutzeko ibilbidea eskaintzen dizugu orri hauetan... zure zain izango gara.

Muskildako Gure Amaren dantzariak

Dantzariak
Lau makila dantza iradokitzaile eta adierazkorrek osatzen dute Otsagabiko dantza errepertorioa. Horiez gain, zapi dantza bat eta jota bat ere badira. Boboa (bi aurpegiko maskaradun pertsonaia) buru dutela zortzi dantzarik sinbolismoz beteriko liturgia zahar bat dantzatzen dute urtero, irailaren 8an.

Bezperan, hilaren 7an, taldeko kideek Zaraitzuko jantzi zibila soinean, Patronatuko Maiorazkoaren etxea bisitatzen dute, eta maiorazkoari berari eta Udalari lagun eginez,elizaraino joaten dira han Salbea kantatzera. Ondoren, Blankoa plazan dantza guztiak dantzatzen dituzte dantzariek.

Lau makila dantza egiten dituzte; Enperadorearena, Katxutxa, Dantza eta Modorro.Halaber, Pañuelo (zapia) izeneko zapi dantza eta Jota ere dantzatzen dituzte. Leku batetik bestera joateko Kalejira egiten dute. Erritozko dantza horiek antzinatik mantendu dituzte egun arte. Muskildako zortzi dantzarien eta boboaren dantzak aipatzen dituen lehen dokumentu idatzia 1695ekoa da. Egun, Nafarroako folklorearen dantzarik adierazgarrienak dira.