Orriak

Emigratzaileak

Nazio Batuen Erakundeak 2013ko urriaren 3an  "Nazioarteko Migrazioa eta Garapena" gaiaren inguruan asanblada orokorra burutu zuen. New Yorkeko bilera horretan ondorioztatu zuten migratzaileen ezaugarriak (jatorria, sexua, kausak, adina...) anitzak direla. Hipotesi hori baieztatzeko Ikasnewseko erredaktoreok Euskal Herrira eta Euskal Herritik emigratu zuten 18 pertsonen istorioak jaso ditugu.



SOLANGE TRAGODARA

Emakumea da, homosexuala eta immigrantea. Euskal Herrian inolako arazorik ez duela dio. Bere jaioterrian, Peruko Lima hiriburuan, izan zituen eta horregatik dago hemen. Solange Tragodarak Bartzelonako aireportuan lur hartu zuen 2005ean bahiketa bat, hamaika mehatxu eta jipoiak jasan ondoren, Limako lesbianen eskubideak herriaren aurrean defendatzeagatik. “Azken jipoia jaso ia hil ninduten egun argiz eta kalean bertan, nire bizia arriskuan zegoela ikusi nuen eta ahalik eta lasterren alde egin nuen”. Bizitza erosoa zuen bere hirian, Liman, bere familia ere bai, lagunak … eta handik irten behar izan zuen epe luzerako planarekin. Gaur egun Bilbon bizi da, “Plataforma Red Apoyo a Perú” erakundean lan egiten du, bera bezala emigratu behar izan zutenei laguntza ematen.

Garapen Iraunkorreko Fundazioa, “Ahotsak. La voz de las mujeres inmigrantes”, 2008.

CECILIA IFRIM



-Noiz eta non jaio zinen, Cecilia?

-Errumanian, Odobest hirian, jaio nintzen 1963an.

-Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?

-Errumaniako egoera ekonomikoa ez zen erraza. Horregatik, nire senarra 2004an Euskal Herrira etorri zen lan kontratu batekin. Bi urte beranduago, 2006an, familia berriz elkartzeko, seme-alabarekin etorri nintzen. Horrela berriz elkartu nintzen nire senarrarekin. Orduz geroztik hirugarren adineko emakumeak zaintzen lan egiten dut Laudion, Araban. Nire asmoa epe luzerako egotea da, edonola ere erretiroa hartzen dudanean Errumaniara itzultzea gustatuko litzaidake. Normalean ni bezalako jende gazte edo helduek emigratzen duenez, jaioterrian biztanleriaren zahartzea gertatzen da eta horrek pena ere ematen dit.

-Zer nolako bidaia izen zen Errumaniatik Euskara Herrira?

Odobest-etik Bukarestera autobusez joan ginen, ni eta nire seme-alabak. Ondoren, hegazkinez Bukarestetik Milanera eta Milanetik Bilbora.

Iratxe Ramirezek Cecilia Ifrimi egindako elkarrizketa, 2014

SARA POZUETA



Urretxun jaio nintzen 1987ko uztailaren 12an. Bertan, Ikastolan eta ondoren lizeoan burutu nituen ikasketak. Eta geroxeago, Euskal Herriko Unibertsitatean "Publizitatea eta Harreman Publikoak", Bilbon. Aurretik ingeles maila altua izan arren kanpoan ibilita nengoen ikasten, etab.), unibertsitate urteetan galdutakoa berreskuratzeko eta bide berez ikasten hasi berria nengoen frantsesa ere praktikatzeko, Canada-ra joan nintzen hilabete batzuk, Montreal hirira hain zuzen ere, 2010. urtean. Bertan hilabete batzuk eman ondoren, azterketa batzuk egin nituen Dublin-en eta gero Londresera bizitzera etorri nintzen epe zehatzik gabe. Hegazkineko laguntzaile bezala lanena hasi nintzen, eta mutila ere topatu eta master bat ikasi nuen egitea pentsatu nuen. Eta hori burututa, ba oraintxe arte! Dagoeneko 3 urte eta 5 hilabete hiri honetan daramatzat bizitzen eta ez dakit noiz arte izango den! Nahiz eta beti ere herrimin pixka bat izaten den, oraingoz oso gustura nabil! Uste baitut migrazioen eraginez kulturak mundu osoan hedatzen direla eta herrialdeetako aniztasunak kultura aberastea dakarrela.

Sara Pozuetaren autobiografia, 2014

GABRIEL MIALET

Gabriel Mialet, 1893an Angelun (Lapurdin) jaioa, Lehen Mundu Gerran soldadu bezala deitu zutenean ez aurkeztu eta ihes egitea erabaki zuen. 1914an mugalarien laguntzaz oinez igaro zuen Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga eta Donostian jarri zen bizitzen. Gutxira lau anaia eta aita batu zitzaizkion Gipuzkoako Hiriburuan. Lehen Mundu Gerra 1914ko udatik 1918 urte amaiera arte egin zen, batik bat Europan eta 20 milioi lagun hil ziren. Frantziako 18 eta 45 urte arteko gizon guztiak gerrara deituak izan ziren, eta Ipar Euskal Herritar askok, Gabriel Mialet bezala, nahiago izan zuten ihes egin eta muga pasatzea.

Iñaki Egaña, “Mort por la patrie”, Berria, 2008/11/06

MANUEL IGNACIO ASTEASUAIN


-Zergatik emigratu zuen Manuel Ignacio Asteasuainek?

-Manuel Ignacio Adunako Lardi baserrian jaio zen 1863an. Garai hartan oinordetza-sistema maiorazkoa zenez, bere anaia zaharrenak jaso zuen baserria oinordetzan. Garai hartan lan eskaintza eskaria baino askoz handiagoa zenez, Manuel Ignaciok, Amerikarako bidea hartu behar izan zuen 1885ean urtean. Pasaiako portutik, paperik gabe, legez kontra, Buenos Airesera itsasontziz joan zen eta Argentinako Buenos Aires hiriburutik Chascomús hirira trenez.

 -Zer lanbide izan zuen Argentinan?

-Epe zehatzik gabe joan bazen ere, Chascomús-en nekazari lanetan jardun zen. Maria Etxegoienekin ezkondu zen, hamar seme alaba izan zituzten eta bertan hil zen. Garai hartan Argentina haragia eta garia bezalako elikagaiak ekoizteko lur egokia zen baina eskulana behar zuen bertako populazioa ez zelako nahikoa eta hori faktore erakargarria izan zen gure arbasoentzat. Argetinan etorkinei esker bertako ekonomia asko hazi zen, eskulana ugaritu eta kontsumoa handitu zelako.

-Bere oinordekoek Chascomusen jarraitzen al duzue oraindik?

-Bai, hala da, Manuel Ignacioren birbilobak gaur egun Chasmomús-eko Euskal Etxeko kide gara eta bertan euskara eta euskal dantza ikastaroak ematen ditugu, baita euskal jaiak antolatu ere.

Antonio Asteasuaini, Manuel Ignacioren birbilobari, egindako elkarrizketa, 2014.

AGUSTÍN LÓRIZ



Bere jaioterritik, Karankatik (Araba), hamasei urterekin Lanbide Heziketa egiten hasi zen. Ikasketak bukatzean herrira bueltatu zen gurasoekin. Soldadutza egin ostean lana bilatzeari ekin zion baina herri txiki batean aukerarik ez zegoenez, hirietan bilatzen hasi zen. Gurasoengandik ez urruntzeagatik eta bere jaioterri maitatuan nekazaritzan eta abeltzaintzan oraindik ere aritu ahal izateko, Gasteizera joan zen lan egitera fabrika batean. Hala eta guztiz ere, egunero bueltatzen zen herrira gurasoekin egoteko, bere auto propioan. 1988an, ezkondu eta etxe bat erosi zuen Gasteizen, hiriak eskaintzen dituen zerbitzu eta azpiegiturengatik bere emaztearen eta seme-alaben bizi kalitatea hobetzeko. Gainera, bere seme-alabak Euskal Herrian hezi nahi izan zituen bere sustraiak oinordetzan har ditzaten.

Arkaitz Lorizek, Agustinen semeak, osatutako biografia, 2014.

MARIA LUISA VALDERRAMA

Gure abuela eta abuelo  1951. urtean etorri ziren Euskal Herrira, Zumarragara hain zuzen. Aitonak 1936-1939ko Gerra Zibilaren ondoren kartzelan urte batzuk pasa eta gero eta amonak gerra ondoren bere familiako lurrak kendu eta gero, politikoki mehatxatuta egonik eta egoera ekonomiko larrian zeudelarik eta etorkizunerako ikuspegi baikorrik gabe, lan bila Euskal Herrira etorri ziren, bizitza berri bat hasi asmoz. Lehendabizi aitona etorri zen eta urtebetera amona bere seme alabekin. Trenez etorri ziren denak ere Extremadurako Cabeza del Buey herritik. Beti Zumarragan bizi izan ziren, nagusiki etorkinez osatutako Etxeberri auzoan. Nire amona etxekoandrea zen. Abuela Maria Luisaren omenez Pirritx eta Porrotxek abesten duten kantua hau idatzi nuen

http://www.goear.com/listen/ba6edcd/abuela-maria-luisa-pirritx-eta-porrotx

eta 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finaleko azken bertsoan honako bertsoa kantatu nuen:

Ama Extremadura,
aita Zamoratik,
abuela ta abuelo
haien aurretik;
herri hontan sustraitzen
asmatzeagaitik,
neuk'e maita dekazet
guztien gainetik.
Euskeraz badakit,
bertsoz darabilkit,
dena zuengatik,
halaxe dagokit,
denek kantatu dute
nere ahotik. (bis)

Jon Maiak, Maria Luisa Valderramaren bilobak, idatzitako biografia, 2014.

ABIDA SAMI



Abida Sami nekazariak 2005ean bere jaioterria, Pakistango Srinagar utzi egin behar izan zuen Kaxmir eskualdean izandako lurrikarak bere etxea bota ondoren. Lurrikara honek 85.000 hildako eta 106.000 zauritu baino gehiago eragin zituen. Abidak jaioterritik Zangotzara (Nafarroa) iristeko 8.500 kilometro egin behar izan zituen autobusez eta kamioiez honako herriak igaroz: Kabul (Afganistan), Tehran (Iran), Istanbul (Turkia), Sofia (Bulgaria), Zabreg (Kroazia), Venezia (Italia), Montpellier (Frantzia) eta Bartzelona. Migratzeko baimen legalik ez zuenez Turkia eta Bulgaria arteko muga gauez mugalarien laguntzaz oinez pasa zuen. Abida bezala milaka pakistandarrek ingurumen arrazoiengatik emigratu behar izan dute aldaketa klimatikoa eragiten ari den basamortutzeengatik, ur faltarengatik, basoen galtzeagatik … haien lurrak ez direlako bizileku egokiak. Migratzaileek askotan hirietara migratzen dutenez hiriak neurriz kanpo hazten dira.

Ondoko iturriaren dokumentatuta osatutako biografia: Ingurumen emigrante eta errefuxiatuak, acnur.org

ONETSINE ARRIZABALAGA



Orion jaioa naiz eta 18 urterekin Irlandara joan nintzen. Natur zientzien arloan zer ikasi ziur ez nuenez, eta argitalpen zientifikoak ingeleraz daudenez, ingelera hobetzera joan nintzen urtebetez. Han nintzela, unibertsitateko ikasketek 4 urte irauten zutela jakin, eta bertan Biokimika eta Inmunologian lizentziatu nintzen Dublingo Trinity Collegen. Ondoren doktore tesia Madrilen hasi eta Bizkaian bukatu nuen, herrira itzultzeko gogoz bainengoen. Guztira 5 urte eman nituen Euskal Herrian, eta berriz atzerrira irten nintzen, oraingoan Alemaniara. Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-ondoko ikerlariak hobetzeko programarekin etorri nintzen. Bi urte kanpoan eta hirugarrena Euskal Herriko zentroren batera itzultzeko programa bat da. Halere Euskal Herrira itzultzerik ez dut izan, nik jaso behar ninduen zentrua ez dagoelako prest. Ni bezala formazio handiko jendeak migratzen dugunean, jatorrizko herriak jende probetxugarri asko galtzen du. Momentuz gustura nago, lanean kontratua egin didate eta hizkuntza ikastea kostatzen ari zaidan arren, gustura bizi naiz herrialde honetan. Itsasoa gertuago banu ...

Onetsine Arrizabalagaren autobiografia, 2014

JOSE ANTONIO AGIRRE



Jose Antonio Agirre politikaria eta enpresaria Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakaria izan zen, 1936 eta 1960 artean. Lehendakari kargua hartu zuenean Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) hasia zegoen eta Agirre zen Euskal Gudarien buruzagia. Francisco Franco diktadorearen tropak Bilbo menpean hartu zutenean, 1937an, erbesterako bidea hartu behar izan zuen Lehendakariak. Erbestealdi luze baten ondoren, besteak beste, Santander, Miarritze, Paris, Brusela, Amberes, Berlin, Goteborg, Rio de Janeiro, Montevideo, Buenos Aires, New York igaroz, autoz, hegazkinez, trenez eta itsasontziz; Parisen, erbestean hil zen 1960an. Lehenengo lehendakariak “Gernikatik New York-era Berlinetik pasatuz” liburuan idatzi zituen bere bizipenak.

Jose Antonio Agirre, “Gernikatik New York-era Berlinetik pasatuz”, Nueva York, 1942

ANASTASIYA TARASENKO



Anastasiya Tarasenko, 17 urteko ikaslea Ukrainako Sukachi herrian bizi da. 2007az geroztik Donostiako  familia baten etxean pasa ohi ditu udak, "Chernobil elkarteak" antolaturiko harrera-progamaren barruan. Programa horrek Txernobyrl zentral nuklearraren leherketak eragindako kutsadurak hango biztanleen osasunean izan ditzakeen ondorioak arintzea eta ingurune ez-kutsatu baten bi hilabetez bizitzeak biztanleen osasunari ekar dezaiokeen onura ematea du helburu nagusi. Donostiako gure etxera hegazkinez, Madrilen eskala eginda, etorri ohi da. Jesus Mari Ansuategik, Anastasiya Donostiako etxean hartzen duenak, egindako biografia. 2014

MOHAMED CHARLY



Etxetik 17 urterekin etxetik atera zen “erabat markatu nauen bidaiari ekiteko”. Horri esker nire familia ondo dago; hemen nagoenetik. Bere migrazio luze-luzea Accran (Ghana) hasi zen. Sei anai-arrebetako familia bateko bosgarrena, “Europan bizimodua bilatzera abiatu nintzen, non telebistan bizimodu erraza zegoela ematen zuen”. Bere iritzian jatorrizko herrialdeetako langabeziak behera egiten du, lan garaian daudenek migratzen dutelako. Autobusez Boko (Ghana) eta Bobo-Dioulasso-tik (Burkina-Faso) barrena Bamako-ra (Mali) iritsi zen. “Basamortua hegazkinez igaro nuen, Bamakotik Oran-era (Argelia). Hemen hasi zelarik nire abentura gogorrena”. Han Europara migratzaileak Europara eramaten dituztenekin kontaktatu zuen. “Mila dolarren truke jana emateaz eta Ceuta inguruko mendietara eramateaz arduratzen ziren. Baita abisatzeaz ere Ceuta (Espainia) inguratzen duen 3 metrotako hesia igarotzeko garairik egokiena zein zen ere. Guardia Zibilen txanda aldaketak baliatuz zortzi aldiz saiatu nintzen hesia igarotzen, baina ezin izan nuen” Eta atxilotu egin zuten Guardia Zibilek eta Marruekosera bidali. “Marruekosen kartzelan nengoela polizia marokoar bat ezagutu nuen, zeinek 1200 dolarren truke zodiak batean muga pasatzeko aukera eskaini zidan”. Polizia marokoarraren anaiak 45 pertsonek zodiak bidez muga igarotzeko bidaia antolatu zuen. “oso arriskutsua izan zen, baina arriskatu ezean ezinezkoa da Europara iristea”. Algecirasko (Espainia) hondartzara iritsi ziren eta gerora Lasarte-Oriara iritsi zen autobusez. Kartoi fabrika batean lan egiten aritu zen bertan, nahiz eta orain langabe egon. “Merezi izan zuen bizitza arriskatzeak; baino noizbait nire herrira itzultzea gustatuko litzaidake, nik hemen ikasitako guztia hara eramateko””.

Juanma Velasco, “El largo viaje al norte”, El Diario Vasco, 2014/03/23, egokitutako testua. Argazkia DV-koa da, eskaneatuta.

HASSANNA-AALIA


Marokok okupatuta duen El Aaiunen bizi zen Hassanna Aalia-k, saharar herriaren eskubideen alde antolatutako 2010ean Gdeim Izikeko kanpamentuko protesta baketsuan parte hartzeagatik, Marokoko auzitegi batek bizi osorako kartzela zigorrera kondenatu du.

-Zer izan zen Gdeim Izik kanpamendua?

-“Duintasunaren kanpamendua” deitua, sahararrok 1975etik egin dugun manifestaziorik handiena izan zen. 1975era arte Espainiaren kolonia izandakoa da Sahara, eta orduz geroztik Marokoren eskuetan dagoen herria. Erregimen gogor baten menpe, gure askapen borrokan jarraitzen dugu. 2010ean hasi ginen Gdeim Izik kanpamendua eraikitzen.

-Nolako bukaera izan zuen Gdeim Izikek?

-Azaroaren 8an heldu zen azken erasoa. Goizeko 06:30ean, sartu ziren kanpamenduan, manera oso bortitzean. Helikoptero, kamioi… mota guztietako militarrak sartu ziren, mota guztietako armekin. Ikusi genuen jendea garrasika, nora jo ez zekiela, haurrek ezin zuten arnasarik hartu gas negar-eragilearen ondorioz, zaharrak lurrean…

-Atxilotuetako bat izan zinen zu.

-Bi hilabetez egon nintzen ezkutuan. Baina ateratzea erabaki nuen egunean bertan atxilotu ninduten. Hiru egun pasa nituen poliziaren esku. Torturatu egin ninduten, beste guztiak bezalaxe, eta Gdeim Izik kanpamenduaren antolatzaileetako bat izatea egotzi zidaten. Ondoren egindako epaiketan, baina, libre utzi ninduten. Hegazkinez Bilbora iritsi nintzenean ni aurkitu eta harrapatzeko deia egin zuten. Orduz geroztik nago Euskal Herrian. 2013ko otsailean izan zen epaiketa militarra, eta bizi osoko kartzelara kondenatu ninduten, beste hogeita lau kiderekin. Kanpoan nagoen bitartean gure historia ahal dudan gehien zabaltzea da nire helburua.

Itsaso Zubiria, "Kanpamendu baketsu batean parte hartzeagatik kondenatu naute bizi osoko kartzelara", Argia, 2014/02/23, egokitutako elkarrizketa

MONIKA CZERNY


Szczecin-en, Polonian jaioa naiz eta goi-mailako ikasketak egina naiz: Polonian, Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitatean Gaztelaniar Filologia ikasi nuen, bertan hasi nintzen euskara ikasten, hautazko ikasgai gisa eta Gasteizen, EHUn, Euskal Filologia ikasi nuen. Aurretik Bilbon eta Zornotzako Barnetegian euskara ikasten aritu banintzen ere, 2004ko urtean hartu nuen Euskal Herrira etortzeko erabakia. Zergatik? Bada nahi nuelako, hemengoa gustukoa nuelako, hemen lagunak nituelako... Aldi berean, ikasten jarraitu nahi nuen. Ez zitzaidan zaila egin erabakia hartzea. Gainera, distantzia fisikoak gero eta garrantzi gutxiago du, gaur egun eskura ditugun teknologia-baliabideekin. Egun, Gasteiz dut bizitoki finkoa, baina Tuterako Argia Ikastolan nago lanean, Erriberan. Baionan ere bizi izan nintzen hainbat hilabetez. Etorkina naiz, inmigrantea, bai, baina nolabait esateko, 'luxuzkoa', prestakuntza akademikoarekin eta bi hizkuntzen ezagutzarekin etorri nintzelako, gogoak bultzatuta, ez behar ekonomikoak..., beste hainbatek baino errazago izan dut. Ez naiz inoiz baztertua sentitu, hemengo kultura nire egin dut; desberdintasunak desberdintasun, Polonia eta Euskal Herria ez daude hain urrun.

Monika Czerny-ren autobiografia, 2014.

FELICIA MAINZ



XIX mende erditik aurrera, Maule inguruan espartinen edo alpargaten industria puri-purian zen garaian, eskulana behar eta hango lantegietara joaten hasi ziren Pirinioaldeko Nafarroako neskatxak lanera. Udazkenean abiatzen ziren eta lauzpabost hilabete lanean aritu ostean, udaberrian itzultzen, enarak bezala. Enara hauetako bat, Felicia Mainz, Burgin jaio zen 1893an eta 1914 eta 1923 artean Mauleko espartin edo alpargata fabrikan lanean aritu zen. Espartingile hauek neguan, oinez ibilbide gogorra egin behar izaten zuten, Pirinioak igaro behar izaten zituztelako; normalean Izabatik Larrañetik barrena heldu ohi ziren Maulera. Garai hartan Nafarroako Pirinioetan bizimodua ateratzea ez zenez batere erraza familia aurrera ateratzen laguntzeko emakumeek. Enara edo espartingile hauek ezkondu artean, urtero egin ohi zuten joan-etorri bera.

Ikherzaleak, “Mémoire d’Hirondelles”, Maule, Uhaitza-Ikherzaleak, 2001, egokitutako testua.

MIKEL ARANA



Mikel Arana arrasatearra, “Playa de Bakio” itsasontziko langilea da. Euskal Herriko kostaldean atun gutxi dagoela eta Seychelleak irletan (Somalia) ziren 2008ko urtarrilean lau hilabetetako arrantzaldira, Bermeotik atera, Tarifatik (Espainia) eta Suezko kanaletik (Egipto) barrena. Han arrantzan ari zirela, Indiako Ozeanoko itsas-piratek atzeman eta bahituta eduki zituzten, diru-erreskatea eskatzen zutelarik. Apirilaren 20an hasi zen dena. “19:30ak edo izango ziren, eta afaltzen ari ginen, postrea jaten. 120 tona edo arrain hartu genituen, eta ospatzen ari ginen”. Baina aurki hasi zen amesgaiztoa; pirata talde batek aurre egin, armaz josita itsasontziaren kontrola hartu, eta beren esanetara jarri zituzten Playa de Bakioko 26 gizonak. “Hasieran, batez ere, oso bortitzak izan ziren. Hori bai, oro har, ez gintuzten ukitzen, saiatzen ziren soilik mehatxuak eta erabiltzen”. Pirata arriskutsu horien eskutan egon ondoren, azkenean, denak onik zirela askatu zituzten.

Arantxa Iraola, “Etsia hartzen zuena txikitu egiten zuten”, Berria, 2008/05/04, egokitutako testua.