Orriak

Asier Artola: “XVI-XIX. mendeen artean Euskal Herritik biztanle askoz gehiagok hartu zuen atzerrirako bidea; atzerritik Euskal Herrirakoa baino”

Asier Artola EHUko historia ikertzaileak Euskal emigrazioa Argentinan ikerketa-lana egin du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko departamentuko Asier Artola ikertzaileak Euskal emigrazioa Argentinan ikerketa-lana amaitu berri du. Ikasnewsek elkarrizketa bat egin dio ateratako ondorioen inguruan. XVI.- XX. mendeen artean Amerikara emigratu zutenen ezaugarri nagusiak adierazten dituen taula eta mapa bat osatu ditu Artolak bere lanean. Ikerketaren azken atalean euskal etxeak aztertu ditu.


Noiz hasi zen Amerikarako euskal emigrazioa?

Kolon Amerikara iritsiz geroztik, Aro Modernoan, euskal herritar askok Ameriketara emigratu zuen hainbat kausengatik. Emigrazio hori XIX. mendean areagotu egin zen. 1830. eta 1930. urteen artean, 50 milioi europarrek Ameriketako bidea hartu zuten. Euskal Herritik, denbora-tarte horretan, 200.000 herritar baino gehiagok emigratu zuen. Euskal Herriko biztanleria, 1900. urtean, milioi batekoa zela kontuan hartuta, hori kopuru handia da.

Zein izan ziren emigrazio horren kausa nagusiak?

Emigratutako batzuk gerretatik ihesi joan baziren ere, kausa nagusia ekonomikoa izan zen, “bizimoduaren” bila. Maiorazkoaren oinordekotza-sistemak ondasuna seme nagusiari soilik ziurtatzen zion, eta besteek lan bila Ameriketarako bidea hartu behar izaten zuten

Zer lanbidetan nabarmendu ziren euskaldunak Amerikan?

Euskal herritarrak hainbat lanetan nabarmendu ziren. Argentinan ardi-hazkuntza alorrean garrantzizkoak izan ziren, baita eraikuntzan, itsasontzietako zamalanetan edo gazitegietan ere; Txilen, merkataritzan eta industrian; Ameriketako Estatu Batuetan, Kalifornian urre-bilaketan jardun zuten eta, Nevadan eta Idahon artzaintzan ibili ziren. Errantxoak sortu eta hotelak eraikitzea izan ziren beste aterabide bat euskal emigranteentzat.


Mendea Emigratzaileen soslaia Kausak Lanbideak
XVI - XIX mendeen artean - Gizonezko gazteak - Merkataritza
- Esplorazioak, konkistak
- Erlijioa
- Esploratzaileak
- Merkatariak
- Elizjendea
- Soldaduak
XIX mendea - Lehenik gizonezko gazteak
- Ondoren haien emazteak eta familiak
- Gerratik ihes
- Ekonomikoa
- Artzaintza
- Eraikuntza
- Itsasontzietako zamaketariak
- Merkatariak
- Urre-bilatzaileak
XX. mendea - Familia osoak -Jazarpen politikoetatik ihes - Denetarik

Euskal etxeak munduan zehar 

XVI. menderako hasi ziren lehen euskal erakundeak sortzen Perun (Cofradía de Aranzazu) edo Mexikon (Colegio de las Vizcaínas). Erakunde horien jarraipen moduan, “Euskal Etxeak” XIX. mendean sortu ziren Argentinan, Kuban eta Brasilen. Immigrante-talde gehienekin gertatu den bezala, euskaldunen kasuan ere, lehen erakundeak immigranteen elkar-laguntzarako xedearekin antolatu ziren (beharra zutenei diruz laguntzeko, osasun arazoak zituztenei babesa emateko…). Baina beste mota bateko erakunde batzuk ere sortu ziren, non euskaldunek laguntza handia aurkitzen zuten: euskal hotelak. Hotelek laguntza ekonomiko (lana aurkitzeko), soziala (euskaldunen artean bilduz) eta psikologikoa (hotel-jabeek gurasoen hutsunea betetzen zuten, sarritan, emigratzaileentzat). Hori guztia hala gertatu zen XX. mendearen hasiera arte.

Gaur egun, Euskal Etxeak munduko beste eremu batzuetara emigratu duten euskaldunak edo haien ondorengoak biltzen diren zentro edo elkarteak dira. Horietan, euskal kulturaren zenbait alderdi transmititu ohi dira. Gehienetan, euskal sentimendua eta bizi diren herrialdeko identitatea konbinatu egin ohi dituzte. Gaur egun, bost kontinenteetako euskal etxeak www.euskaletxeak.net sarean daude. Munduan zehar, 21 herrialdetan, 161 euskal etxe daude, horietako 106 Latinoamerikan (euskal etxe gehien dituen herrialdea Argentina da 76rekin, gero Uruguai dator, hamarrekin eta ondoren Venezuela seiekin). Ipar Amerikan 35 daude, Espainian hamar, Europan bost eta Australian hiru.